domingo, 8 de marzo de 2009

LIBURUAK

Liburu gehienak monastegietan egiten ziren, pergaminoetan idazten zuten luma eta tintarekin. Lerroz lerro egiteko, berunesko arkatz finak erabiltzen zituzten merrak gero ezabatzeko.(Goiuri)

FEUDALISMOA

Esan daiteke feudalismoa gizartea-sistema zela, pertsonen menpetasunean oinarritutakoa.
Erregeak botere gehiena zuen, jauntxoeek, eleiz gizonek eta nobleek jarraitzen zuten, eta azkenik artisau, nekazari eta esklabuak zeuden.(Goiuri)

martes, 3 de marzo de 2009

ELIZEN FORMA

Elizetako gurutze latindarreko oinplanoa, erdi-puntuko arkua, kanoi-ganga, zutabe trinkoak, kontrahormez indartutako murruak eta erliebe aberatsez zizelaturiko kapitelak sortu zituen arte erromanikoak. Horma- eta taula-pinturetan konposizio estatiko eta bidimentsionalak dira nagusi eta garaiko estetikak forma naturalen deformazio abstraktua bultzatu zuen. Pinturek eta kapitel, fatxada eta tinpanoetan azaltzen diren espresiorik gabeko eskultura erlijiosoek helburu didaktikoa betetzen zuten, Bibliako eta bestelako erlijiozko gertakariak irudikatuz eskolatzen baitzituzten fededun eskolagabeak.(Goiuri)

DONEJAKUE BIDEA

Done Jakue bidea Europa osoko erromesek Santiago Compostelakoara (Galizia, Espainia) iristeko egiten duten bidea da. Bertan kokatzen den Done Jakue katedralean dauden Done Jakue apostoluaren erlikiak gurtzeko. Erdi Aroan jende kopuru andana biltzen zen bidean zehar. Gerora zertxobait utzi zen, baina egun berriz ere gorakada izan du, erlijiozko arrazoiez gain, turismo, arte eta kultura arrazoiengatik.

HISTORIA
Done Jakue Apostoluaren heriotzatik (K.o. I) zortzi mende pasa ondoren, Hispaniako ipar mendelalde inguruan Done Jakue apostolua, zonaldea ebanjelizatu ostean, bertan hilobiratu zutenaren kondaira zabaldu zen. Alfontso IIa bertara hurbildu zen bere korte guztiarekin, Historiako lehen erromesa izan zelarik. Iritsitakoan bertan elizatxo bat eraikitzea agindu zuen. Albiste hau azkar zabaldu zen inguruko lurretan.

814. urtetik aurrera Santiago Compostelakoak erromesak jasotzen hasi zen, apostoluaren hilobiaren aurkikuntzaren ostean. XII. mendearen lehen erdian bultzada handia izan zuen bertarako erromesaldiak. Albistea azkar zabaldu zen Europa katolikoan zehar eta bertatik erromesak iristen hasi ziren hilobia zegoen gunera Campus Stellaera, eta hortik egungo Compostela izena.(Goiuri)

jueves, 19 de febrero de 2009

ihauterietarako lantxoa


Zuen blogak irakurrita hemen duzue galdera batzuk test modukoak,
http://cid-23903d5c6189f497.skydrive.live.com/self.aspx/P%c3%bablico/galderak.doc
zabaldu artxiboa, gorde zuen ordenagailuan, astean zehar betetzen joan (azpimarratuz erantzun egokiak) eta gero bidali andoni.goiriena@gmail.com eta zuzenduta jasoko duzue zuen korreoan edo blogean.

martes, 10 de febrero de 2009

arte islamiarra

Arte mozarabiarra kristau mozarabiarren artea da, nahiz eta honen inguruan iritzi ezberdinak topatuko diren. Ikerlari batzuk arte mozarabiarra Iberiar penintsulan musulmanak zeuden bitartean emandako artea dela diote.
Bi arte mozarabiar bereiz daitezke, alde batetik musulmanak Iberiar penintsulan zeuden bitartean eta hauek konkistatutako lurraldeetan eman zena, hau da, beraiekin batera bizi izan ziren kristauek egindakoa. Beste aldetik,
birpopulaketaren artea dago, alegia, kristautasunak Iberiar penintsula errekonkistatu ondoren eman zen artea. Musulmanak iritsi zirenean kristauek beren erlijio eta ohiturekin jarraitu zuten hasierako urteetan, tolerantzia garaiak ziren eta. Hala ere, ezin zuten eliza berririk eraiki (salbuespen batzuekin) eta bisigodoen garaiko elizak berritu zituzten. Hala ere, mendetasun egoeran zeudenez eta ez zutenez hainbeste diru, garai hartako ondare arkitektoniko gutxi mantendu da gaur arte. Arte hau batez ere Toledon eta Andaluzian eman zen. Gaur egunera ez da iritsi ez eskulturarik ezta margorik ere.
Arkitektura adibide bat Bobastroko labar eliza da, Mesas de Villaverden (Malaga). Eredu basilikala da eta hiru nabe ditu pilarez banandua. Burualde hirukoitzan erdiko absidea ferra arku formakoa den bitartean albokoak lauak dira. Gurutzaduran aurre-ate arrastoak topatu dira. Estalkia egurrezkoa zen. Labar eliza izan arren ez dago ezkutatua. Nahiz eta eliza berriak egiten ez utzi, hau salbuespen bat da.
Miniaturagintza ere landu zuten eta mozarabiarren tenpluetako eskuizkribuetan aurkitzen da. Bi tendentzia nagusi jarraitu zituzten: naturalista eta antinaturalista. Ezagutzen ez diren eskultura eta margogintza, miniaturak ikusita irudikatu daitezke. Bi adibide daude: Biblia Hispalense alde batetik; eragin ezberdinak ditu,
erromatarra irudi naturalistak dituelako, musulmana azaltzen den landare apainduragatik eta bisigotikoa ferra arkua azaltzen delako. Bigarren eskuizkribua De Virginitate Beatae Mariae da. Hau antinaturalista da eta musulmanen eragina ikusi daiteke apainduretan: merloiak, alfizak...
(aitor)

viernes, 6 de febrero de 2009

ARTE ERROMANIKOA

1000. urtetik aurrera Europan (Alemanian, Frantzian eta Espainian batik bat) arte erromanikoa nabarmen zabaldu zen. Monasterioko bizitzan eta erlikien gurtzan oinarrituta zeuden berrikuntzak sortu ziren forma arkitektonikoetan. Horrek guztiak, monasterio eta katedral ugari eraikitzea eragin zuen. Eskultura arloan, ordea, arkitekturaren barnean zeuden irudiak lantzen hasi ziren. Horrez gain, Erdi Aro garaian ia erabat desagertu ziren mukuluzko estatuak sortzen hasi ziren berriro artistak.
Arkitektura
Monasterioen antolaketan ez zen aldaketa handirik izan erromanikoan. Antolakuntza mota hori San Benito de Nursiaren (480-553) Regula Sancti Benedictik garai karolinjioan ezarri zuena zen. Monasterio erromanikoetako elizetan, Clunyko abadiako arauak zehazten zituenak, gehien hedatu ziren berrikuntzak alboetako nabeak eraikitzea eta deanbulatorioa zabaltzea izan ziren. Fraideek salmoak kantatuz eliz barrutian oso maiz egin behar zituzten prozesioak errazteko egin ziren aipatutako berrikuntza horiek. Monasterio erromanikoari kapitulu-aretoa ere gehitu zioten, arauaren kapituluen eguneroko irakurketa egiteko leku bihurtzeko. Isiltasuna mantendu behar zuten fraideek monasterioetan eta hitz egin ahal zuten leku bakarra eraiki zuten garai hartan ere: mintzategia.
Monasterioez gain, arkitektura erromanikoan gorakada ikusgarria izan zuen beste eraikina, peregrinazioko elizak izan ziren. Neurri handia zuten elizak ziren; kaperak zituzten girolak eta hiru edo bost nabe izan ohi zituzten. Horrez gain, erromesak eseri ahal izateko tribuna handiak jarri zituzten.
Eliza erromanikoetan trinkotasuna zen nagusi kofaduraren kaltetan. Hormak oso lodiak ziren eta argitasun gutxi zuten elizek. Gangak kanoi edo ertz itxurakoak ziren; arkuak erdizirkularrak (erdi-puntako arkuak) eta batzuetan moldurekin apaintzen zituzten. Estilo haren beste ezaugarri bat eskultura apaingarrien ugaritasuna zen.










.

Las Huelgaseko monasterioko klaustroa, (1187) Burgos.
Eskultura
Eskultura erromaniko gehienak elizako aurrealdeetan, eta nabe eta klaustroen zutabeetako kapiteletan jartzen zituzten. Aurrealdeei dagokionez, tinpanoetan (eliz sarrerako ateen gaineko zirkulu-erdiko eremuetan) agertu ohi ziren eskulturak, edo horien inguruko zutabe eta arkiboltetan.
Estatua gehienek Jesu Kristo Pantokratorren irudia agertzen zuten, Erdi Aroko zaldun edo errege plantan, eta goiaingeru edo zaharren gorte batek inguratuta. Ama Birijina ere irudikatzen zuten, Lokartze edo bere Koroatze unean, baina betiere itxura dotorean.
Natura ere oso maiz irudikatu zen eskultura erromanikoetan; animaliak, landareak, edo gizakien lanen eta munstro eta alegiazko izakien irudi sinbolikoak azaltzen ziren eskulturetan. Horrez gain, ohikoak ziren jainkotiar kreazioaren handitasuna eta aniztasuna adierazten zuten lanak.
Eskultura erromanikoaren lanik bikainenetariko batzuk honako leku hauetan ikus daitezke gaur egun: Espainian, Compostelako Santiagoko katedralean, eta Santo Domingo de Siloseko klaustroan; eta Frantzian, Saint-Trophîme (Arlesen) eta Saint Pierre de Carennac elizetan.





Loriaren Elizpeko mainelaren xehetasuna, Compostelako Santiagoko katedralean.
Pintura
Arte erromanikoaren lanik garrantzitsuenak harriz egin zituztenak dira, eta horrenbestez, arkitektura eta eskultura dira arlorik azpimarragarrienak. Hala eta guztiz ere, ez da ahaztu behar pintura erromanikoan ere lan bikainak egin zituztela. Horien artean, aldareen aurreko alde koloretsuak eta eliza erromaniko batzuetako freskoak nabarmendu behar dira, Lleidako San Isidoro de Leon eta San Clemente de Tahull, edo Bartzelonako San Quirce de Pedret elizetakoak, besteak beste.





San Clemente de Tahulleko absideko muralaren Pantokratorra, XII. mende (Lleida, Kataluniako Arte Museora lekualdatua, Bartzelona).(Goiuri)

miércoles, 4 de febrero de 2009

ARTE GOTIKOA







Aldi gotikoa XII. mendearen erditik Frantzian eta Europako gainerako herrialdetan XIII. mendetik XV. mendearen amaieraraino hedatzen da. XVI. mendean Italiako Giorgio Vasari errenazentistak gotiko hitza sortu zuen jada, kutsu peioratiboarekin -"godoen artea"-, Frantzian sortu eta gero beste herrialde batzuetatik zabaldu zen estiloa definitzeko. Gotikoa eraikitzeko tekniken bilakaeraren, hala nola, arku zorrotza agertzea, eta hiriko kultura baten garapenaren emaitza izan zen. Hiriko kultura horren irudikapen nagusia katedrala zen, aldi berean izaera erlijiosoko eraikina eta hiriaren oparotasunaren ikurra zena.
Arkitektura gotikoa
Eraikuntza gotikoek Frantziako monarkiaren eredu politikoa dute erreferentetzat: erregearen handitasuna, bere jainkozko zuzenbidea eta Jainkoa argia delako printzipiorako lotura. Printzipio hori I. mendeko filosofo batek azaldu zuen, Dionisio Sasi-Areopagita izenekoak. Plotinoren ideiek eraginda, aipatutako teoria garatu zuen. Bere izena bat dator Frantziako zaindariaren izenarekin, zaindaria San Dionisio baita. Santu horri Saint-Denis abadia eskaini zitzaion, lehenengo eraikuntza gotikotzat jotzen dena.
Arkitektura gotikoaren ezaugarri nagusien artean, honako hau nabarmenduko dugu: hormaren desmaterializazioa, eraikuntzaren ia barrualde osoan argia sartzea ahalbidetzen zuena. Jasotze hori arku zorrotzaren eta gurutze-gangaren erabileraren bidez lortzen zen. Bultzadak arku eta nerbioen bidez banatu eta horiek eraikuntzaren kanpoko kontrahorma eta ostiko-arkuetara transmititzen zirenez, ez zen beharrezkoa horma lodiak eraikitzea.
Katedral gotikoa hurrengo ezaugarriengatik ere ezberdintzen da:
Espazioaren zabalera burualdean.
Alboko kaperak ugaritzea.
Hormak hiru mailatan antolatzea, hirugarrena argia sartzen uzten zuten hainbat beirate jartzeko erreserbatuta zegoelarik.
Beiratezko arrosa-leihoak, oro har ipar eta hego muturretan.(Goiuri)

ERDI AROKO GIZARTEA

Erdi aroan pertsona guztiak hiru ordenetan bizi ziren eta orden bakoitzak bere eskubideak, betebeharrak eta bizimodua zituen: otois egiten zutenak (apaizak), borroka egiten zutenak (gerlariak) eta lan egiten zutenak (nekazariak). Gizarte horren funtzionamendurako hiru ordena horien arteko harremanak onak izan behar zuten izan,berez, batzuk besteen menpe baitzeuden.
Elizaren arabera, hiru ordena horien jatorria Jainkoak emana zen eta, beraz, inork ez zituen zalantzan jartzen.(Goiuri)

islamaren hedapena

Muhammad profetaren heriotzaren ostean, islamaren buru edo kalifa Abu Bakr (632-634) bihurtu zen. Haren zuzendaritzapean Arabiar Penintsularen erdialdea musulmanen menpean geratu zen. Umar I.a bigarren kalifarekin (634-644), "fededunen burua" (amīr al-mu 'minīn) titulua hartuta, Siria, Jordania, Palestina eta Irak bereganatu zituzten islamdarrek 630eko urteetan. Egipto Utman hirugarren kalifak konkistatu zuen 645ean Bizantziar Inperiotik. Ali ondorengoarekin batera, lehendabiziko lau kalifa hauek islam garbiaren urrezko aroan gobernatu zuten buruak dira musulmanen ikuspuntutik.
Ali Muhammaden suhiaren agintaldia Utmanen heriotzaren gaineko zalantzekin hasi zen. Hori zela eta, borroka eta
Lehen Gerra Zibil Islamdarra piztu ziren, Muawiya Siriako gobernadoreak bultzatuta. Kufa hirian otoitzen ari zela Ali hil zutenean, Muawiya I.ak boterea bereganatu zuen Omeiar leinua sortuz eta hiriburua Damaskon ezarriz. Aliren jarraitzaileak, azkenean, xii bilakatu ziren. Omeiarren erpina Abd al-Malik (685-705) kalifaren agintaldiarekin etorri zen. Izan ere, Erdialdeko Asia eta Iparraldeko Afrika azpiratzeaz gain, estatua arabiartu zuen, greziarren eta pertsiarren ordez, funtzionario arabiarrak jarri baitzituen.
Iberiar Penintsularen konkista 711n hasi zen, Guadaleteko batailan bisigodoak garaitzean. Hurrengo zortzi urteetan penintsula osoa bereganatu zuten, gehienetan tokian tokiko nobleziarekin izandako bake itunen bidez. Euskal Herrira ere iritsi ziren, Iruñean Gazteluko Plazako azken indusketek erakutsi duten moduan. Iparralderago ere joan ziren, harik eta Toursko guduan Karlos Martel frankoen buruzagiak garaitu zituen arte (732).
Konstantinopla bera ere hartzen saiatu ziren (717). Porrot egindakoan, Omeiarren ospeak behera egin zuen. Azkenean, 750ean, Abasidar leinuak Omeiarrak boteretik kendu zituen, hiriburua Bagdadera mugituz. Ia-ia omeiarren klan osoa erahil zuten, baina printze bat, Abd al-Rahman I.a, bizirik Iberiar Penintsulara heldu ahal izan zen. Hor, Kordobako Emirerria sortu zuen (756), abasidarren inperiotik at. Musulmanen estatu batua bereizteko lehendabiziko pausua izan zen hori, IX. mendean zehar desegin baitzen.

(aitor)

arabiarrak iberiar penintsulan


Iberiar Penintsulako konkista musulmana (711-719) bisigodoen erresuma desagerrarazi eta Hispania (Iberiar Penintsula) musulmanen menpe jarri zuen prozesu militarrari deritzo.
Konkista,
Damaskoko Al-Walid I.a kalifa omeiarraren agindupean eta Tariq ibn Ziyad buru zutela, islamdar bihurtu berri ziren bereberez osatutako armada Ipar Afrikatik Gibraltarrera (Jabal Tāriq (جبل طارق), Tariq-en mendia etimologikoki) heltzean, 711ko apirilaren 30ean, hasi zen. Guadaleteko batailan (uztailaren 19an) Rodrigo errege bisigodoaren armada suntsituta, musulmanek nahiko aise eta azkar bere kontrolpera eraman zuen Hispania hurrengo urteetan.
Musulmanen agindua penintsula osora hedatu bazen ere, ipar-mendebaldean (
Galizia eta Asturias) zein Pirinio aldeko lurralde euskaldunetan ahulagoa izan zen. Hala ere, Iruñea, Huesca eta Bartzelona hiriek 719an onartu zuten musulmanen agindua. Are gehiago, Pirinioz bestaldera ere hedatu ziren, harik eta Karlos Martelek Poitiersko batailan (732) garaitu zituen arte. Egungo Frantzian musulmanen arriskua 975 arte, berriz, ez zen guztiz desegin.
Musulmanek mende askoz azpiratu zuten Iberiar Penintsula,
Al-Andalus izenpean, kristauen Errekonkista askoz luzeagoa eta neketsuagoa izan baitzen. Pelayo buru zutela 722ko Covadongako bataila mitikoan hasi zen, eta 1492an baino ez zen amaitu.
(aitor)

martes, 3 de febrero de 2009

TARTEKO ERDI AROA

Erdi Aro Klasikoa edo Tarteko Erdi Aroa Europako historian historialariek XI., XII. eta XIII. mendeei ematen dieten izena da. Goi eta Behe Erdi Aroaren artean kokatzen da beraz.
Gutxi gorabehera, 1000. urtez geroztik, Mendebaldeko Europan ez ziren barbaroen inbasioak gehiago nozitu, mongolen salbuespen laburra izan ezik. Bikingoak Irlandan, Britainia Handian, Frantzian eta beste toki askotan finkaturi zeuden, eta Eskandinavian erresuma kristauak garatu ziren. Hungariarren erasoei X. mendean eman zitzaien amaiera, eta 1000rako, Hungariako erresuma kristaua sortu zen. Horri esker, egonkortasun politiko eta ekonomiko irabazi zen.
Erdi Aroa Klasikoaren gako historikoa, dena den, populazio-ugaltzea izan zen, zeinek, aurreko garaiaren aldean, aldaketa politiko eta sozial nabarmena ekarri zuen. Hain zen handia gorakada hori, non, aditu batzuen arabera, 1250erako, gain-populaturik zegoen Europa, eta XIX. mendera arte ez ziren berriro populazio-maila horiek erdietsi.
XI. mendean, Alpeen iparraldean, lurralde berrietan finkatzen hasi zen jendea. Izan ere, Erdi Europako baso eta oihan itzelak mozteari ekin zitzaion, nekazaritzarako lurrak lor zitezen. Aldi berean, populazioa Frankoen Inperiotik kanpo atera zen, Elbaz haratago. Honela, lurralde alemaniarrak hirukoiztu ziren. Ekialde Hurbilera migratu ziren europar ugari Gurutzadei esker. Iberiar Penintsulan, mairuei lurrak kendu ahala, hegoaldera jotzen zuen iparraldeko populazioak. (Goiuri)

GATAZKAK


Kanpoko inbasioak amaitu arren, Europan barneko borrokak ez ziren desagertu. Ingalaterran, normandiarren inbasioak (Hastingsko bataila, 1066) daniarren agintaldia amaiarazi zuen. Normandiako kontea Ingalaterrako errege bihurtzeak Frantziarekiko gatazkak areagotu zituen. Izan ere, Normandiako kontea izanik, de jure, Frantziako erregearen menpe zegoen Ingalaterrakoa, baina praktikan, boteretsuagoa zen, ezkontza-politika zela-eta, Frantziako mendebaldeko zati handia kontrolatzen baitzuen (Angevinar Inperioa deitu zaio zonalde horri). Nolanahi ere, zenbait errege ahaltsuei esker, Filipe Augustori (1180-1223) esaterako, Ingalaterra garaitu (Bouvinesko bataila, 1214) eta herrialdea Europako indartsuena bilakatu zen, hala nola Saint Louis (1226-1270) edo Filipe Ederraren (1285-1314) agintaldiekin. Ingalaterran, erregeak Magna Carta eman behar izan zion nobleziari, hainbat eskubide bermatuz.
Karolingiar Inperioa amaituta, Frantziak bere bidera jo zuen Hughes Capet erregearen garaietatik. Ekialdeagoan, Erromatar-Germaniar Inperio Santua osatu zen 962an, Oton I.aren eskutik. Kristautasunaren nagusiarengatik Aita Santuekiko gatazka hasi zen, inbestidurak nork izendatuko zituen gainean hain zuzen ere. Heinrich IV.a (1084-1106) eskumikatu zuten, eta bakea ez zen lortu Wormseko Hitzarmena adostu zen arte (1122). Hurrengo enperadoreek Italian ematen zuten denbora gehiena, eta tokian tokiko printze alemaniarrek boterea bereganatu zuten. Ekialdera hedatzen hasi ziren orduan, eslaviar paganoen eremuetara, hainbatetan Gurutzada deituta.
Musulmanen kontrako borroka ere ohikoa izan zen, batez ere Iberiar Penintsulan, Sizilian eta Ekialde Hurbilean. Iberiar Penintsulan, Erdi Aro Klasikoaren epean konkista gehiena burutu zen: 1300erako Granadako erresumak baino ez zirauen zutik, Portugal eta Aragoi erresumek bere errekonkista amaituta. Sizilia ere musulmanen menpean egon zen harik eta XI. mendean, Roger I.a buru zuen armada normandiar batek konkistatu zuen 1091rako.
Garai honetako beste ezaugarri behinenetakoa gurutzadak izan ziren. Ezagunenak Lurralde Santuak askatzera Ekialde Hurbilera zihoazenak izan ziren, baina Iberiar Penintsulan, Itsaso Baltikoan edo heresien aurka ere gertatu ziren. Palestinari dagokionez, Urbano II.a Aita Santuak deituta hasi zen lehenengoa. Jerusalem 1099an hartu zuten, eta kristauen esku jarraitu zen 1187an Saladinok berriro hartu zuen arte. Europako errege nagusiek (Frantziakoak, Ingalaterrakoak eta enperadoreak) Hirugarren Gurutzada (1190) burutu bazuten ere, ezin izan zuten hiria berriz konkistatu. Laugarren Gurutzada jarri zen martxan 1202an, baina Konstantinopla arpilatzea baizik ez zen lortu. Geroztik beste gurutzada batzuk egin arren, ez zeukaten lehenengoen arrakasta lortu, eta, azkenean, kristauak Ekialde Hurbiletik bota zituzten musulmanek Acre hiria hartutakoan (1291). (Goiuri)

bisigodoak


Bisigodoak godoen adar nagusietako bat zen. Ostrogodoek beste adarra osatzen zuten.
Migrazio Garaian, bisigodoak Erromatar Inperioa eraso zuten herri germaniarretako bat zen. Erroma arpilatu zuten lehenengoak ziren. Horren ostean Akitanian eta Iberiar Penintsulan finkatu ziren. Erromatar Inperioaren erorialdiaz geroztik, bisigodoek paper garrantzitsua jokatu zuten Europako politikan hurrengo bi mende eta erdietan.
(aitor)

FEUDALISMOA ETA BASAILUTZA-ZEREMONIA


Muga lausoko kontzeptua bada ere, esan daiteke Erdi Aroko sistema politiko nagusia feudalismoa izan zela. Horretan, elkarrenganako betebeharrak zituzten jaunek eta haien mendeko basailuek, omenaldiko zeremonia batean ezarri den bezala. Basailuaren betetzekoa leialtasun militarra eta politikoa (auxilium et consilium) ematea da. Horren trukean, jaunak basailuari mantenua eman behar dio, (gehienetan) lurralde baten gaineko atarramendua alegia.
Sistema feudal hau X. eta XI. mendeetan botere publikoaren ahultze-prozesuaren ondorioa izan da. Enperadoreak, erregeak eta printzeak ez ziren tokian tokiko jaunen gainean euren boterea ezartzeko gauza. Hori zela eta, aurrez aurreko erlazioa nagusitu zen, elkarrenganako mesederakoak ziren eskubideak eta betebeharraz eratuz. Honela, piramide bat osatu zen non erpinean erregea zegoen. Haren azpian, zehazki kokaturik, gainerako nobleak garrantziaren arabera.(Goiuri)
Zubi Zaharra, Balmasedako ikonoa

Dagoeneko hiriaren ikur bihurtu den Kadagua ibaiaren gaineko Zubi Zaharra (edo Muzarena) aipatzea derrigorrezkoa da. Ez dugu haren egilearen izena ezagutzen, baina hori ez da oztopoa Bizkaiko Erdi Aroko arkitekturaren erreferentzia nagusietakoa izateko. Monumentu nazional izendatuta dago, egon ere.

Zubiak Done Laurenti auzora jotzen du. Judutarren bizilekua izan zen hura, 1486. urtean hiritik bota zituzten arte. Handik hurbil, Santa Klara monumentu multzoa ikus daiteke. Elizak eta komentuak osatzen dute, eta bigarrena hotela da orain. Berriro ere erdigunera hurbilduz, Martin Mendia kalean barna, San Joan Moraleko eliza aurkituko dugu. XV. mendeko eraikin horretan dago gaur egun Balmasedako Museo Historikoa. Aurrerago, ezkerretara, Horcasitas Jauregia dago, 1841. urtera arte errege-aduana izandakoa. Urte hartan, Lehen Karlistaldia amaitu eta gutxira beraz, kostaldera eraman zuten aduana, Balmasedari hainbat mendez izandako funtzioa kenduz.

Hedegile kaletik behera San Severino plazara iritsiko gara. Hiriko biztanleen gunera. Izen bereko eliza nabarmentzen da hemen. Alboan udaletxea. “Mezkita” ezizenez ezagutzen dute bertakoek, mudejar estiloko eraikinak gogorarazten baitituzte haren arkupeek.(Erik)

bizantziarrak

Bizantziar Inperioa lehen urteetan Ekialdeko Erromatar Inperioa, Erdi Aroko inperio kristaua izan zen, greziar edo heleniar kulturakoa. Hiriburua konstantinopolis zen, Bizantzio ere deitua (gaur egungo Istanbul).
Inperio honen sorrera Erromatar Inperioaren gainbeherari hertsiki lotua dago. Hasiera batean Ekialdeko Mediterranear itsaso inguruko lurraldeak barne hartzen bazituen ere, lurralde eremuak galtzen joan zen gutxinaka.
IMPERIOAREN SORRERA
Inperio honen sorrera urteari dagokionez, ez da adostasunik historialarien artean. Egile batzuentzat, Konstantinopolis hiriaren fundazioarekin (aintzinako Bizantzio hiriaren birfundazioa litzatekeena), 330an, hasten da; beste batzuentzat, aldiz, Teodosio I.goaren heriotza izan behar da kontuan (395. urtea). 395ean, hain zuzen, Inperio Erromatarra bi zatitan banatu baitzen: mendebaldea eta ekialdea (azken hau genuke Bizantziar Inperioa). Historialarien hirugarren korronte batek, bere aldetik, inperioaren sorrera data 476an jartzen du, noiz Mendebaldeko azken enperadore erromatarra (Romulo Augustulo) boteretik kendu baitzuten. Azken data hontatik aurrera Bizantziar Inperio terminoa erabili ohi da gehienbat ordurarteko inperioari Ekialdeko Inperio Erromatar deritzaiolarik. Egia esan klasifikazio historiografiko honek Europa mendebaldeko ikuspuntua azaltzen du Bizantziarrek inperioa desagertu zenerarte heuren burua erromatartzat baitzuten eta haientzat inperioa Inperio Erromatarra litzateke beraz Inperio Erromatar edota Azken Inperio Erromatar terminoak ere erabil litezke.
IMPERIOAREN AMAIERA
Inperiaren sorrera baino askoz argiago dago inperioaren akabera. Azken urteetako Inperio Bizantziarrak lehen urteetakoarekin zerikusirik ez bazuen ere Bizantziar Inperiaren gainbehera 1453an gertatu zela ametitzen da, Konstantinopolis otomandarrek eskuratu zutenean. Hala ere, inperio honen sentimendu nazionalak ez ziren desagertu, gaur egungo Greziako biztanleek euren burua tradizio bizantziarraren jarraitzaile gisa ikusten baitute. http://www.geocities.com/mapachile/ibizantino.gif

(aitor)

sábado, 31 de enero de 2009

behe erdi aroa

Behe Erdi Aroa historialariek Europako historian XIV. eta XV. mendeei deitzeko erabiltzen duten izena da. Erdi Aro Klasiko eta Aro Modernoaren artean kokatu ohi da Behe Erdi Aroa.
XIV. mendearen hasieran, Europako gorakada ekonomikoak oztopoa aurkitu zuen. Goseteek eta izurriteek, hala nola 1315-1322 arteko Goseteak eta Izurri Beltzak, Europako populazioa erdira murriztu zuten antza. Despopulazioarekin batera, nahigabea hedatu zen: nekazariak matxinatu ziren Europako leku ugaritan Flandrian 1322an hasita. Gerrak amaigabea zirudien, batik bat Frantzia eta Ingalaterraren arteko Ehun Urteko Gerrarengatik. Eliza Katolikoaren batasunak Mendebaldeko Zismak apurtu zuen. Hori guztia dela eta, Behe Erdi Aroko krisialdia ere deitu zaio.

(aitor)