miércoles, 4 de febrero de 2009

islamaren hedapena

Muhammad profetaren heriotzaren ostean, islamaren buru edo kalifa Abu Bakr (632-634) bihurtu zen. Haren zuzendaritzapean Arabiar Penintsularen erdialdea musulmanen menpean geratu zen. Umar I.a bigarren kalifarekin (634-644), "fededunen burua" (amīr al-mu 'minīn) titulua hartuta, Siria, Jordania, Palestina eta Irak bereganatu zituzten islamdarrek 630eko urteetan. Egipto Utman hirugarren kalifak konkistatu zuen 645ean Bizantziar Inperiotik. Ali ondorengoarekin batera, lehendabiziko lau kalifa hauek islam garbiaren urrezko aroan gobernatu zuten buruak dira musulmanen ikuspuntutik.
Ali Muhammaden suhiaren agintaldia Utmanen heriotzaren gaineko zalantzekin hasi zen. Hori zela eta, borroka eta
Lehen Gerra Zibil Islamdarra piztu ziren, Muawiya Siriako gobernadoreak bultzatuta. Kufa hirian otoitzen ari zela Ali hil zutenean, Muawiya I.ak boterea bereganatu zuen Omeiar leinua sortuz eta hiriburua Damaskon ezarriz. Aliren jarraitzaileak, azkenean, xii bilakatu ziren. Omeiarren erpina Abd al-Malik (685-705) kalifaren agintaldiarekin etorri zen. Izan ere, Erdialdeko Asia eta Iparraldeko Afrika azpiratzeaz gain, estatua arabiartu zuen, greziarren eta pertsiarren ordez, funtzionario arabiarrak jarri baitzituen.
Iberiar Penintsularen konkista 711n hasi zen, Guadaleteko batailan bisigodoak garaitzean. Hurrengo zortzi urteetan penintsula osoa bereganatu zuten, gehienetan tokian tokiko nobleziarekin izandako bake itunen bidez. Euskal Herrira ere iritsi ziren, Iruñean Gazteluko Plazako azken indusketek erakutsi duten moduan. Iparralderago ere joan ziren, harik eta Toursko guduan Karlos Martel frankoen buruzagiak garaitu zituen arte (732).
Konstantinopla bera ere hartzen saiatu ziren (717). Porrot egindakoan, Omeiarren ospeak behera egin zuen. Azkenean, 750ean, Abasidar leinuak Omeiarrak boteretik kendu zituen, hiriburua Bagdadera mugituz. Ia-ia omeiarren klan osoa erahil zuten, baina printze bat, Abd al-Rahman I.a, bizirik Iberiar Penintsulara heldu ahal izan zen. Hor, Kordobako Emirerria sortu zuen (756), abasidarren inperiotik at. Musulmanen estatu batua bereizteko lehendabiziko pausua izan zen hori, IX. mendean zehar desegin baitzen.

(aitor)

No hay comentarios:

Publicar un comentario