martes, 3 de febrero de 2009

GATAZKAK


Kanpoko inbasioak amaitu arren, Europan barneko borrokak ez ziren desagertu. Ingalaterran, normandiarren inbasioak (Hastingsko bataila, 1066) daniarren agintaldia amaiarazi zuen. Normandiako kontea Ingalaterrako errege bihurtzeak Frantziarekiko gatazkak areagotu zituen. Izan ere, Normandiako kontea izanik, de jure, Frantziako erregearen menpe zegoen Ingalaterrakoa, baina praktikan, boteretsuagoa zen, ezkontza-politika zela-eta, Frantziako mendebaldeko zati handia kontrolatzen baitzuen (Angevinar Inperioa deitu zaio zonalde horri). Nolanahi ere, zenbait errege ahaltsuei esker, Filipe Augustori (1180-1223) esaterako, Ingalaterra garaitu (Bouvinesko bataila, 1214) eta herrialdea Europako indartsuena bilakatu zen, hala nola Saint Louis (1226-1270) edo Filipe Ederraren (1285-1314) agintaldiekin. Ingalaterran, erregeak Magna Carta eman behar izan zion nobleziari, hainbat eskubide bermatuz.
Karolingiar Inperioa amaituta, Frantziak bere bidera jo zuen Hughes Capet erregearen garaietatik. Ekialdeagoan, Erromatar-Germaniar Inperio Santua osatu zen 962an, Oton I.aren eskutik. Kristautasunaren nagusiarengatik Aita Santuekiko gatazka hasi zen, inbestidurak nork izendatuko zituen gainean hain zuzen ere. Heinrich IV.a (1084-1106) eskumikatu zuten, eta bakea ez zen lortu Wormseko Hitzarmena adostu zen arte (1122). Hurrengo enperadoreek Italian ematen zuten denbora gehiena, eta tokian tokiko printze alemaniarrek boterea bereganatu zuten. Ekialdera hedatzen hasi ziren orduan, eslaviar paganoen eremuetara, hainbatetan Gurutzada deituta.
Musulmanen kontrako borroka ere ohikoa izan zen, batez ere Iberiar Penintsulan, Sizilian eta Ekialde Hurbilean. Iberiar Penintsulan, Erdi Aro Klasikoaren epean konkista gehiena burutu zen: 1300erako Granadako erresumak baino ez zirauen zutik, Portugal eta Aragoi erresumek bere errekonkista amaituta. Sizilia ere musulmanen menpean egon zen harik eta XI. mendean, Roger I.a buru zuen armada normandiar batek konkistatu zuen 1091rako.
Garai honetako beste ezaugarri behinenetakoa gurutzadak izan ziren. Ezagunenak Lurralde Santuak askatzera Ekialde Hurbilera zihoazenak izan ziren, baina Iberiar Penintsulan, Itsaso Baltikoan edo heresien aurka ere gertatu ziren. Palestinari dagokionez, Urbano II.a Aita Santuak deituta hasi zen lehenengoa. Jerusalem 1099an hartu zuten, eta kristauen esku jarraitu zen 1187an Saladinok berriro hartu zuen arte. Europako errege nagusiek (Frantziakoak, Ingalaterrakoak eta enperadoreak) Hirugarren Gurutzada (1190) burutu bazuten ere, ezin izan zuten hiria berriz konkistatu. Laugarren Gurutzada jarri zen martxan 1202an, baina Konstantinopla arpilatzea baizik ez zen lortu. Geroztik beste gurutzada batzuk egin arren, ez zeukaten lehenengoen arrakasta lortu, eta, azkenean, kristauak Ekialde Hurbiletik bota zituzten musulmanek Acre hiria hartutakoan (1291). (Goiuri)

No hay comentarios:

Publicar un comentario