Zubi Zaharra, Balmasedako ikonoa
Dagoeneko hiriaren ikur bihurtu den Kadagua ibaiaren gaineko Zubi Zaharra (edo Muzarena) aipatzea derrigorrezkoa da. Ez dugu haren egilearen izena ezagutzen, baina hori ez da oztopoa Bizkaiko Erdi Aroko arkitekturaren erreferentzia nagusietakoa izateko. Monumentu nazional izendatuta dago, egon ere.
Zubiak Done Laurenti auzora jotzen du. Judutarren bizilekua izan zen hura, 1486. urtean hiritik bota zituzten arte. Handik hurbil, Santa Klara monumentu multzoa ikus daiteke. Elizak eta komentuak osatzen dute, eta bigarrena hotela da orain. Berriro ere erdigunera hurbilduz, Martin Mendia kalean barna, San Joan Moraleko eliza aurkituko dugu. XV. mendeko eraikin horretan dago gaur egun Balmasedako Museo Historikoa. Aurrerago, ezkerretara, Horcasitas Jauregia dago, 1841. urtera arte errege-aduana izandakoa. Urte hartan, Lehen Karlistaldia amaitu eta gutxira beraz, kostaldera eraman zuten aduana, Balmasedari hainbat mendez izandako funtzioa kenduz.
Hedegile kaletik behera San Severino plazara iritsiko gara. Hiriko biztanleen gunera. Izen bereko eliza nabarmentzen da hemen. Alboan udaletxea. “Mezkita” ezizenez ezagutzen dute bertakoek, mudejar estiloko eraikinak gogorarazten baitituzte haren arkupeek.(Erik)

No hay comentarios:
Publicar un comentario